XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
- Geldi hemen, mutiko.
Plato gelditu egin zen.
Mugitu nahi izanez gero ere ezingo zuen, besotik heltzen bait zion besteak.
- Eser hadi hemen; hizketalditxo bat egin behar diagu biok.
Izutu samarturik zegoen Plato, anartean
Eseri egin zen hala ere.
- Eta?
- Zer moduz egun hauetan Pantxorekin?.
Platok ez zekien zer erantzun, ez bait zekien zer nahi ote zuen Hezurzuriak, ezta fidatu ere, aitaren seme.
Erdibidea hautatu zuen, ezer ez esateko bide onena zelakoan.
- Pss. Hainbestean.
- Ondo; ondo orduan. Eta asko ikasi duk?.
Ez gazi, ez geza, ez ur eta ez salda zen keinua egin zuen honakoan ere Platok.
- Zeozer... - Ederki, ederki. Orduan, pailazo izateko bidean?.
Sorbaldak altxatu eta edozein gauza adieraz zezakeen keinua egin zuen Platok.
- Beno... - esan zuen Platok konfidantza handirik gabe.
- Primeran beraz
- Falta zaiana azkar ikasi beharko duk: bihar bertan hasiko haiz Pantxoren lekuan.
- Baina, baina... nik, nik ez dakit... - ezin zuen hitzik ahoratu ere Platok eman zioten danbatekoarekin.